XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alabaina, bidaia neketsuaren ostean Kubara itzultzean ere ez zuen atseden hartzeko astirik izango, uhartean giro politikoa bero-bero baitzegoen.

1961eko urtarrilaren 3an estatubatuarrek (eta ondorioz euren aginduetara zeuden Latinoamerika osoko gobernu diktatorial edota sasi demokratiko guztiek ere bai) Kubarekin zeuzkaten harremanak bertan behera utzi zituzten. Urtarrilaren hirugarren astean, berriz, John F. Kennedyk Eisenhower ordezkatu zuen Etxe Zurian. Horrekin batera alerta gorria piztu zen Kuban, Pentagonoak bultzaturiko inbasio baten zurrumurruak geroz eta indartsuagoak baitziren.

Tentsio giro horretan Industria ministro izendatu zuten Guevara. Gogoan eduki behar da, Fidelek lehen aipatu dugun Gianni Mináren dokumentalean aitortzen duenez, Chek zera hitzartu zuela berarekin gerrillaren garaipenaren ondoren: iraultzaren estreinako bost urteak uhartean emango zituela, baina gero beste norabaitera joko zuela, adin horrekin oraindik beste gerrilla bat abian jartzeko moduan izango zelako. Oso kontuan edukitzeko datua da hau.